CINEA agentziako ordezkaritza batek bertatik bertara egiaztatu du mugaren bi aldeetako lanak aurrera doazela Gatikan, Lemoizen, Cubnezaisen, Ambèsen eta Seignossen.
Bizkaiko Golkoan zehar igaroko den interkonexioa aurrera doa orain Euskadin, estazio bihurtzaile berria osatuko duten eraikinen lan zibila hastearekin batera.
Gatika, 2025eko apirilaren 8a
Frantziarekin Bizkaiko Golkoan zehar igaroko den interkonexio elektrikoaren lanak abiadura hartuz doaz. Hala dela egiaztatu dute aste honetan Europako Batzordearen Klima, Azpiegitura eta Ingurumeneko Europako Agentzia Exekutiboaren (CINEA, ingelesezko sigletan) ordezkariek. Lanetan agertu dira, azpiegitura honek Europako Merkatu Bakarrerako eta Batasun osorako duen izaera estrategikoa azpimarratuz.
Azken hilabeteetan Gatika eta Cubnezais lotuko dituen estazio bihurtzaile berriaren lurreko zatia prestatzeko eta lurrak mugitzeko lanetan aritu ostean, Red Eléctrica sozietateak eraikuntzarekin jarraituko du Euskadin. Landarez guztiz estalita joango diren bi eraikinen obra zibila hasten ari da eta horrek, aukeratutako kokapenarekin batera, eragin bisuala minimizatu egingo du.
Mugaren bi aldeetako lanak ezarritako aurreikuspenaren eta denboren arabera egiten ari dira, CINEA agentziako ordezkaritzak Cubnezais, Ambès eta Seignosse, Frantzian, eta Gatika eta Lemoiz, Espainian, udalerrietara egindako bisitan ikusi ahal izan duenez. Era berean, mugaren bi aldeetan erabiltzen ari diren teknologia aurreratuak ezagutu dituzte, proiektua ahalik eta eragin txikienarekin aurrera eramateko, hala nola Frantzian dagoeneko burututa dauden mikrotunelekin itsasora ateratzeko lan bereziak eta Lemoizen hasten ari diren zulaketa gidatuak.
Frantzian, bihurtzailearen eraikinak egiten ari dira. Ibilbidean, asko aurreratu da bi linea elektrikoetarako beharrezkoak diren indusketako lanetan, baita lurrerako sarbideetan (interkonexio elektrikoaren itsasoko eta lurreko zatien arteko lotura-eremua) Porgen (Gironda), Seignossen (Landak) eta Capbretonen (Landak) egindako indusketetan ere.
CINEA agentzia europarrak Europar Batasunerako Onura Komunerako Proiektu diren azpiegituren txertaketa eta jarraipena gainbegiratzen du. CEF (Connecting Europe Facility) izeneko programa bat du, Europa barneko energia-sareak garatzen laguntzeko diseinatuta dagoen Europar Batasunaren finantzaketa-tresna dena. Hala, Onura Komunerako Proiektuei finantza-laguntza ematen die, eta azterketekin eta lanekin lotutako kostuak estaltzen laguntzen du. Bizkaiko Golkoaren proiektuak 578 milioi euroko dirulaguntza du, Europar Batasunak esleituta CINEA agentziaren bitartez.
Bi herrialdeen arteko itsaspeko loturaren proiektua oso garrantzitsua da Europarentzat, karbonorik gabeko ekonomiarantz aurrera egiteko eta horretarako trantsizioa errazteko aukera ematen baitu.
Besteak beste, bi herrialdeen arteko truke elektrikorako ahalmena bikoiztea, 5.000 MW-ra iritsi arte, ahalbidetuko du, eta horrek balioko du bi sistema elektrikoetan horniduraren segurtasuna eta kalitatea indartzeko, energia berriztagarrien txertaketan aurrera egiteko, herrialdeetako eta Europako energia- eta klima-helburuekin bat etorriz, eta bi sistemen eraginkortasuna handituko du, aurrezteak sortuz kontsumitzaileen mesedetan. Hala, Onura Komunerako Proiektu gisa aitortzeaz gain, Europako sareen plangintzan jasotako proiekturik garrantzitsuenetako bat da. Estatu-mailan, azpiegitura funtsezkotzat jotzen da Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratuan, eta indarrean dagoen plangintza elektrikoaren parte da.
Interkonexioak Espainiako eta Frantziako sistema elektrikoak lotuko ditu 400 kV-eko bi loturen bidez, Bizkaiko Gatikatik Frantziako Cubnezais udalerriraino (Bordele inguruan). Guztiz lurpekoa eta itsaspekoa den ibilbidea izango du, ingurunean ahalik eta eraginik gutxiena izanez. Inelfe egiten ari da lanak, Red Eléctrica sozietatearen eta RTE kide frantsesaren % 50eko partaidetzarekin eta Europako zerbitzu espezializatuen hornitzaileen babesarekin, besteak beste, NKT HV Cables eta Prysmian Powerlink itsaspeko kableak jartzeko; FASSET partzuergoa lurpeko kableak jartzeko; eta HITACHI ENERGY/VINCI partzuergoa bihurtzaileak egiteko.
Frantzia eta Espainiaren arteko interkonexio berriari esker, bi herrialdeek isuririk gabeko 7.430 GWh elektrizitate izango dituzte urtean, hau da, 2 milioi etxe ingururen kontsumoaren baliokidea. Europako energia elektrikoaren ekoizpenaren karbono-aztarna ere murriztuko du 600.000 tonatan, errekuntzako auto baten 6.190 milioi kilometroren edo 480 km2 zuhaitzek xurgatutako karbono-kopuruaren baliokidea.
Gabinetedeprensa@ree.es
rte-presse@rte-france.com